Ekonomia ikusteko modu berriak sortzen ari dira. Esaterako, feminismoaren eraginez, ekonomian orain arte neurtu izan ez diren beste parametro batzuk neurtzen ari dira. Feminismoa emakumeen esperientzian oinarritutako eta iraganeko eta gaur egungo erlazio sozialak kritikatzen dituen teoria sozial eta praktika politikoen multzo bat da. Gehienbat, feminismoak gizonen eta emakumeen arteko eskubideen ezberdintasuna kritikatzen du eta emakumeen eskubideen sustapena aldarrikatzen du. Feminismoa ekonomiarekin lotu, eta “ekonomia feminista” kontzeptua edo mugimendua sortu zen.
Ekonomia feminista XX.mendearen bigarren erdialdean indartzen hasi zen mugimendua da, eta indartze hori batez ere mendebaldeko emakumeen eskutik etorri zen. Izenak dioen bezala, ekonomia feminista ekonomiatik eta feminismotik dator, eta horrez gain, lotura handia du diziplina soziologiarekin, antropologiarekin eta politikarekin.
Ekonomia feminista errealitatearekiko ikuspegi kritikoa da. Hau da, ezberdintasun sozialak eta genero ezberdintasunak salatzen ditu. Ekonomiako hainbat kontzeptu zalantzan jartzen ditu eta errealitatea aldatu nahi du. Gizarte eta mundu justu eta berdinaren alde dago, eta egoera aldatu nahi du.
Mugimendu honen kezka nagusien artean munduan dauden eta areagotzen ari diren ezberdintasunak daude, bereziki emakumeek eremu guztietan eta, batez ere, eremu sozioekonomikoan dituztenak. Genero ezberdintasunak identifikatu eta aztertzea beharrezkoa da, eta horretarako, analisi ekonomikoak datuetan oinarritzen dira. Ekonomia feministak gehien landu duen gaia lanaren ingurukoa da, eta lan kontzeptuaren erabilera bera ere zalantzan jarri du. Per capita errenta bezalako adierazleak ez dira egokiak ongizatea neurtzeko, merkatuan bakarrik oinarritzen baitira. Merkatua ordea, ezingo litzateke bakarrik moldatu, enpresek izugarrizko soldatak ordaindu beharko lituzketelako. Kapitalismoak ez luke gehiago iraungo ordaindu gabeko lanik egongo ez balitz, esaterako etxeko lanak edo zaintza. Baina lan hauek analisi ekonomikoetatik kanpo gelditu direnez, ordaindutako eta ordaindu gabeko lanen arteko loturak ere aztertu gabe geratu dira.
Ekonomia feministak, etxeko lanek eta zaintzak duten balio ekonomikoa zein den jakiteko ikerketa bat egin zuen. Horrela, gizon eta emakumeen artean lanak banatzerako garaian dagoen desoreka ikusi zuten.
Kalkuluak egiteko, 2015eko soldatak hartu zituzten kontuan, eta etxeko lanak eta zaintza ordainduko balira, orduko zazpi euro gordin kobratuko luketela kontatu zuten. Halaxe balitz, Barne Produktu Gordina, gutxienez %23,4 igoko litzateke, hau da, urtean 50.321 milioi euro. BPG-aren bi heren emakumeek osatuko lukete, eta beste herena gizonek. Ikerketaren arabera, emakumeak egunean hiru ordu eta 54 minutuz aritzen dira etxeko lanetan eta zaintzan, eta gizonak berriz, bi ordu eta bi minutuz. Etxean berdin arituko balira, emakumeek eurotan %25 gehiago irabaziko lukete.
Horrenbestez, gizon eta emakumeek egunero etxeko lanetan ordu kopuru bera egingo balute, emakumeak lan munduan aritzeko denbora eta aukera gehiago izango lituzke. Eta denbora horretan ordaindutako lanen batean arituko balitz, urtean 2.759 euro gehiago irabaziko lituzke.
Beraz, argi dago etxeko lanetan eta zaintzan ere, beste mila arlotan bezala, emakumeen eta gizonen artean alde handia dagoela. Emakumeek eta gizonek ordu berak igaroko balituzte etxeko lanak egiten, emakumeek denbora gehiago edukiko lukete kobratutako lan bat egiteko, eta beraz, diru gehiago irabaziko lukete. Arazo honez gain, beste hainbat eta hainbat traba dituzte emakumeek ekonomia eta lan munduan. Esaterako, oso nabarmenak dira zenbait enpresetan soldata ezberdintasunak edo lan egoera ezberdinak. Begi bistan da egoera aldatu beharrean dagoela, ekonomia feministak proposatzen duen bezala. Baina aldaketarako ezinbestekoa da ekonomiaren analisia merkatuetatik areago eramatea, eta, horrekin batera, helburu ekonomikoak aldatzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.