2020(e)ko urtarrilaren 17(a), ostirala

Bilboko itsasadarraren azpiko tunela

Artatzako (Getxo) eta Ballontiko (Sestao) biribilguneak lotuko dituen Bilboko itsasadarraren azpiko tunelak 3.037 metroko luzera izango du, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi zuenez. 

Tunela eraikitzeko lanak 2023an hasiko dira, eta 2027an amaitu, eta inbertsioa 337-407 milioi eurokoa izango da.

Bizkaiko Aldundiak, hortaz, itsasadarraren azpiko tunela eraikitzeko urratsak ematen jarraitzen du. Supersurraren bigarren fasearekin batera, azpiegiturak Bizkai metropolitarreko saihesbide handia osatu egingo du, eta, hala, erantzuna emango zaie ahalmen handiko errepideen sarean gaur egun dauden arazoei. 

Arrontegi zubiaren ordezkorik ez egotearen ondorio dira arazo horiek; izan ere, zubia, batezbeste, 140.000 ibilgailuk zeharkatzen dute egunero, A8, La Avanzada eta Txorierriko korridoreko bidaien artean. Itsasadarra sareztaturik ez dagoenez, Arrontegi eta bere ingurunea zaurgarritasun handian geratzen dira, eta behar baino ibilbide luzeagoak egin behar dira Eskuinaldetik Ezkerraldera joateko.

Aldundiak, informazio-azterlanaren emaitzak eskuan dituela, hasiera eman die eraikuntza-proiektuaren idazketa adjudikatzeko izapideei, eta proiektuaren lizitazio-agiriak dagoeneko argitaratuta daude kontratazioaren plataforman. Eraikuntza-proiektuaren idazketak 33 hilabeteko epean amaituta egon behar du.
Bilboko itsasadarraren azpiko tunela bilaketarekin bat datozen irudiak 
Azkenik, zenbait irizpide teknikotan oinarriturik, tunela eraikitzeko lur egokienak zeharkatzen dituena hautatu da. Hona irizpideok: sakontasuna, arroka asko egotea, eta lurzoru, lur ase eta ur gutxi egotea. Parametro horietan oinarriturik, luzera handieneko aukera hautatu da, 3.037 metrokoa. 

Tunela eraikitzeko inbertsioa aukeratutako metodoaren araberakoa izango da. Informazio-azterlaneko zenbatespenen arabera, tunelak egiteko makina erabiltzen duen metodoak 367 milioi euro inguruko inbertsioak eskatuko luke; kaxoi-sistemak, 403 milioi euro, eta metodo austriarrak, 337 milioi euro. 

Proiektuan jasotako beste alderdi garrantzitsuetakoa digitalizazioa da, proiektuak tunela modalizatzeko aukera emango duten teknologia berriak jaso behar baititu. BIM teknologiaren bidez, tunelaren eraikuntza simulatu beharko du, digitalki, diseinuan zein benetako eraikuntzan sor litezkeen arazoei aurrea hartzeko moduan. 

Hortaz, esan dezaket proiektu interesgarria eta egokia dela gure gizartearentzat.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.