2016(e)ko abenduaren 14(a), asteazkena

Segapotoak, modak eta kapritxoak

1983an diseinatu zen lehen mugikor modeloa, Motorola konpainiarena. Kilo bat baino pixka bat gutxiago pisatzen zuen eta 3500 euro inguruko prezioan saltzen hasi ziren. 25 cm-ko luzera, ia 8 cm-ko sakonera eta ia 4cm-ko zabalera zituen, gaur egungoekin alderatuta dezente handia eta lodia. Bestalde, ordu bakarreko autonomia zuen komunikazioan, eta deitzeko bakarrik balio zuen hasiera batean. Telefono hau analogikoa zen. Handik aurrera Motorolak modelo berriak merkaturatu zituen, eta telefono agentzia eta marka asko sortu dira. Gaur egun askoz ere aukera gehiago ditu mugikor batek, esaterako, SMS-ak, musika entzuteko aukera, argazki kamara, galeria, bluetootha, interneta eta beste hainbat gauza. Gainera, dagoeneko tarifa mordoa daude nahi haina dei egin ahal izateko.
Gizakien arteko komunikazioa errazteko iraultza ekarri zuen telefono mugikorrak, eta gaur egun behar bat bilakatu da geure gizartean. Ekonomiaren parte handi bat mugitzen duen sektorea bihurtu da azken hamarkadetan, hainbat enpresa daude negozio honen atzean, eta baita diru asko ere. Egun, garrantzi handia hartu dute ukimen-pantailadun mugikorrek, eta geroz eta mugikor modelo gehiago aurki ditzakegu.
Aipatu dudan bezala, ia lehenengo mailako beharra bihurtu da mugikorra, bai lanerako eta baita geure bizitza sozialerako ere. Baina ez digu edozein telefonok balio. Denok nahi dugu kamara on bat, musika ongi entzungo den bozgorailu bat, asko iraungo digun bateria bat, geure artxiboek eta aplikazioek beteko ez duten memoria bat eta beste mila gauza dituen mugikor bat. Kapritxo asko ditugu eta jende ugari prest egoten da modelo onenetan diru mordoa xahutzeko sakelako perfektua edukitzeko, nahiz eta beharrezkoa ez izan. Marka on eta merkeagoak egon arren, askotan marka ezagun eta garestietara jotzen dugu, izan ere, modan jarri den markako mugikorra ez duen jendea, sarritan besteak baina gutxiago sentitzen da. Sakelako batean diru mordoa gastatzea gutxi balitz, nahiz eta gure ametsetako mugikorra lortu, azkar aspertzeko joera dugu.
Adituek diotenez, sakelako telefono batek iraun dezaken denbora 5 urte ingurukoa izaten da bataz beste, baina mugikor gehienak erabiltzeko moduan egon arren, albo batera uzten ditugu. Egia da askotan azkar izorratzen direla mugikorrak, izan ere asko horretarako eginak daude, gehiago saltzeko. Baina denok dakigu askotan ez dela hori izaten mugikorrez aldatzeko arrazoia, arazotxo txiki batengatik edo dagoeneko aspertu gaituelako aldatzen ditugula batzuetan. Modak azkar aldatzen dira, urtero modelo berri asko ateratzen dituzte eta hauek edukitzeko beharra sortzen zaigu. Urtebete lehenago mugikor perfektua zenaz aspertu eta eskasia sentsazioa sortzen zaigu modelo hobe bat ez dugulako. Diotenez, benetan mugikor batekin Europarrok irauten dugun denbora 15 hilabetekoa da bataz beste, eta egunez egun, gora doa urtean aldatzen diren mugikorren kopurua. Eta hau ez da dena, modelo onena ez edukitzeak eskasia sentsazioa sortzen digun bezala, sentsazio bera sortzen digu bigarren eskuko mugikor bat edukitzeak. Nahiz eta nahi dugun mugikorra egoera onean eta merkeago lortzeko aukera izan, ez dugu bigarren eskukoa nahi izaten eta prest egoten gara izugarrizko dirutza ordaintzeko mugikor berri-berri batengatik. Datuen arabera, 10 mugikorretik 1 bakarrik da berrerabilia eta soilik jendearen %5ak jotzen du bigarren eskukoak erostera aurrekoa ordezkatzeko.
Nik uste dut honek guztiak zer pentsatzeko aukera ematen duela, ez dela posible horrelako kapritxoekin bizitzea. Gainera, gastatzeko prest gauden dirutzaz gain, izugarria da aparatu honek sortzen duen kutsadura. Izan ere, mugikorren osagarri batzuk oso kutsagarriak dira, esaterako plastikoa, artsenikoa, beruna, kadmioa, zinka, burdina, kobrea edo nikela. Askotan ez gara ohartzen, baina gure diru-zorroa hutsik uzteaz gain, geure ingurumena kaltetzen dugu. Urtean 400 milioi mugikor saltzen dira munduan bataz beste, beraz, imajina ezazue nola kutsatzen dugun geure planeta.
Hau aldatzeko, mugikorrak benetan hondatuta egon arte ez genituzke aldatu beharko, eta aldatzeko unean, bigarren eskukoetara jo beharko genuke. Horrela, dirua aurrezteaz gain, kutsadura pixka bat gutxiagotuko litzateke.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.