2018(e)ko urtarrilaren 5(a), ostirala

Jokoen teoria

John Nash, matematikari estatubatuarra, ekonomiako Nobel sariduna izan zen 1994. urtean, jokoen teoriari egindako ekarpen bikain eta originalengatik. Bere teoriak merkatu ekonomian, informatikan, eboluzio biologian, adimen artifizialean, kontabilitatean, politikan eta teoria militarrean eragin izugarria izan du eta berak egindako lanek eguneroko bizian zoria arautzen duten indarren jokaera azaltzen lagundu dute.

Jokoen teoriak hainbat parte-hartzaile desberdineko egoera egonkorreko sistema aztertzen du eta egoera horretan parte-hartzaileek ezingo dute hobekuntzarik lortu haien egoeran gainontzekoek egoeran aldaketarik egiten ez badute. Portaera estrategiko bat izango da non bakoitzaren aukera bestearen araberakoa izango den, eta ondorioz bide batean edo bestean amaitu. Jatorriz, erreminta hau ekonomiaren portaera ulertzeko eta azaltzeko sortu zen. John Nashek “Nash Oreka” izenez ezagutzen den kontzeptua sortu zuen Joko-teorian, Nash oreka joko lehiakor bateko soluzio mota bat da, non jokalariek beste jokalariek oreka-estrategiak ezagututa, euren estrategia aldatuz abantaila edo irabazirik eskuratzen ez duten.

Demagun bi enpresa multinazional daudela zapaten merkatuan, A eta B enpresak. Bakoitzak bestearen prezio eta kostu berdinak ditu: saldutako zapata pare bakoitzarengatik irabaziak 2 eurokoak izango dira. Enpresa bakoitzak merkatua bereganatu nahiko du eta horretarako marketing kanpainak egin beharko ditu, kanpaina bakoitzaren kostua 30 eurokoa izango da. Kasu honetatik lau egoera atera daitezke:

  • 1. egoera: Ez A ez B enpresak marketing kanpainarik ez egitea. Horrela, salduko duten kopurua berdina izango da (50 zapata pare) eta irabaziak ere berdinak (2€ pare bakoitzarengatik).

    • A → 50x2 = 100€
    • B → 50x2 = 100€

  • 2. egoera: A enpresak, irabaziak areagotu nahian, marketing kanpaina bat egitea erabakitzen du, eta horrek 30 euroko kostua izan arren, salmenta kopurua areagotzea suposatuko du. Ondorioz, B enpresaren salmenta kopurua jaitsi egingo da.

    • A → 80x2-30 = 130€
    • B → 20x2= 40€

  • 3. egoera: Kasu hau bigarrenaren berdina izango da baina alderantziz. B enpresak, irabaziak areagotu nahian, marketing kanpaina bat egitea erabakitzen du, eta horrek 30 euroko kostua izan arren, salmenta kopurua areagotzea suposatuko du. Ondorioz, A enpresaren salmenta kopurua jaitsi egingo da.

    • A → 20x2= 40€
    • B → 80x2-30 = 130€

  • 4. egoera: Kasu honetan bi enpresek erabaki dute kanpainan inbertitzea irabaziak areagotzeko, merkatua bien artean banatzen dute eta bakoitzak 30 euroko kostuak izango ditu kanpainarengatik.

    • A → 50x2-30 = 70€
    • B → 50x2-30 = 70€

Nashen orekarekin jokalari bakoitzak ahal duen jokaldi hoberena egingo du aurkakoaren portaera ezagutuz. Hala ere, ez da argi egoten eta ezin da suposatu konpetentziak gutaz dakiena. Adibidea begiratuz, bi enpresentzat egoera idealena marketing kanpainarik ez egitea izango zen, horrela, bi zapata enpresek 100 euroko irabaziak izango dituzte. Hala ere, egoera guztiak aztertuta, bi enpresek ikus dezakete onuragarriena marketing kanpainan inbertitzea izango zela. A enpresak ez inbertitzea erabakiko balu, ez luke jakingo ea B enpresak kanpaina egingo zuen eta orduan, 40 euroko irabaziak izatera arriskatuko zen. Adibide honetan, nash oreka 4. kasuan ikusi daiteke. A enpresak B enpresak bere egoeran aldaketarik egiten ez badu, ezin du aldaketarik egin bere egoera hobetzeko. Hau da, aldaketa egingo balu, marketing kanpainan ez inbertitu, ez zen onuragarria izango.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Oharra: blogeko kideek soilik argitara ditzakete iruzkinak.